Blogariak, txotxa eta SEO pila bat

Munduko blogariak, batu zaitezte! Hori da Beasainen ospatu den OnRoadBloggers topaketatik atera dugun ondorio nagusia. Kamper munduko (furgoneta eta autokarabana zaleak) dozena bat blogari elkartu gara asteburuan, talde bezala nola antolatu eta kolektibo bezala geure burua ikustarazteko. Eta bide batez, garbi utzi urte osoan zehar bidaiatzen dugula, joaten garen herri eta hirietan gastatzen dugula, eta batez ere, ez garela gaizkileak.

Baina ez hori bakarrik. Izan ere, geure blogen posizionamendua nola hobetu ikasi dugu. Eta garrantzitsuena, guretzako behintzat, orain arte digitala zen komunitate bateko jendeari azkenean aurpegia jarri diogula da, gehienok ez baigenuen orain arte elkar ezagutzen, ez behintzat geure blogetatik edo sare sozialetatik haratago.

Topaketaren egoitza nagusia Beasaingo Igartza jauregia izan da, toki zoragarria benetan. Larunbat goizean, BidaiOn blogeko Maiderrek egin zituen aurkezpenak, eta geure arteko batasunak izan ditzakeen aukeren eta potentzialitatearen inguruan aritu ginen hizketan. Izan ere, blogari guztien artean askoz jende gehiagorengana iristeko aukera izango genuke.

Horixe da, hain zuzen ere, topaketan parte hartu zuten enpresa eta marka ezberdinen ordezkariek azpimarratu zutena. Mahai-inguruan, Lonifasico, Viajando en Furgo eta Yescapa webguneek eta Honestus (produktu gastronomikoak) eta Nextool (mendiko eta akanpadako produktuak) enpresetako ordezkariek parte hartu zuten. Denak ere, bat etorri ziren ideien boterea eta blogariek beraien jarraitzaileen artean duten eragiteko gaitasuna nabarmentzerako garaian.

WordPress eta SEO

Blogariak gara, eta denok nahi dugu geure bloga eta idazten ditugun postak ahalik eta hobekien kokatuta egotea bilatzaileetan. Eta hori izan zen asteburuko hitzaldi eta tailer gehienetan landu genuena. TaPuntu enpresako Mikelek, WordPressen lan egiteko eta SEOa zaintzeko hainbat tip eta pluginen berri eman zigun. Sicowave-ek berriz, kokapen hobea lortzeko kanpoko erreminten inguruan hitz egin zuen.

Sicok, garatu berri duten Camperspots APP berriaz ere hitz egin zigun. Elkarlanean oinarritutako aplikazio bat da, oso interesgarria kamper munduko erabiltzaileentzat. Campersolo webgunea ezagutzeko aukera ere izan genuen; atari komertzial bat da, kamper munduko enpresa, produktu eta eskaintzak biltzen dituena.

Probatu ditugun produktuak

Beasaingo #OnRoadBloggers topaketan, blogariok ez ezik, proiektu honen potentziala ikusi duten hainbat enpresak ere parte hartu dute.

Horietako bat da Honestus, Iruñeako gastronomia eta delikatessen denda. Foie eta ardo eder batzuk ekarri zizkigun, bazkaltzerako garaian probatu genituenak. Fontellasko (Nafarroa) Artajo olio ekoizleak berriz, olio birgina extren lote bana oparitu zigun parte hartzaile guztioi. Olasagasti kontserba etxearen eskutik, modu ezberdinetan prestatutako atun lanak eskaini zizkigun, oso egokiak furgonetan goazenerako. Eta azkenik, Confituras Goya etxeak egindako postre eder bat probatzeko aukera ere izan genuen. Beste esparru batean, NexTool etxetik, erabilpen anitzeko mahai-tresna eta erreminta bana ekarri zizkigun, horiek ere, furgonetan eramateko egokiak.

Ikastaro, solasaldi eta aurkezpenez gain, aisialdirako tartea ere izan genuen asteburuan. Eguerdian, Zerainera joan eta bakoitzak etxetik eramandako jakiekin bazkari ederra egin genuen. Gauean berriz, Zubietako sagardotegi batean afaldu genuen; erabat bitxia egin zitzaien kanpotik zetozen blogariei, eta txotx eta txotx artean, barre batzuk egin eta ederki pasa genuen.

Hauek dira Beasaingo topaketan parte hartu genuenon blogak:

EHfurgoren izenean, antolakuntza lanetan aritu diren hiru kideen lana eskertu nahi dugu, eta baita blogarien artean izandako giro ona ere. Pozten gara zuek denok ezagutu izanaz!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s