Andaluzia Aste Santuan (2) Granada eta Cabo de Gata


Pasa den urteko aste santuan Andaluziara egin genuen lehen bidaian, asko gelditu zitzaigun ikusteko, eta aurten ere, bertara itzultzea erabaki du. Oraingoan, ekialderagoko hiri eta herrietara joan gara, barrualdetik hasita (Granada eta Tabernas desertua) kostalderaino (Gata lurmuturra). Bidaia honetan zehar, paisaia erabat ezberdinekin egin dugu topo, historia, gastronomia eta toki zoragarriak uztartuz.

Gure ibilbidea

Gure aurreko bidaian Sevilla, Ronda, Marbella eta Cordoba ikusi eta gero, aurten Granada genuen helburu nagusi. Bidaia osatzeko, Malaga edo Almeria aldera joatea pentsatu genuen, baina hainbat kidek eta lagunek gomendatuta, Gata lurmuturrera ere joatea erabaki genuen. Joaneko eta bueltako bidaia kolpe bakarrean egitea luzeegia zela ikusita, Toledon geldialdi bana egin dugu. Guztira 10 egun eta 2.500 kilometroko bidaia izan da.


___________________________________________________________________________

Granada

Historia oparoa eta kultur nahasketa interesgarria dituen hiria da Granada. 756. urtean arabiarrek sortu zuten, eta haien esku egon zen 1492an errege katolikoek bereganatu zuten arte. Zortzi mendetako historia horrek bere eragina utzi du Granadan, eta egun oraindik nabari zaio arabiar jatorria, batez ere auzo eta monumenturik zaharrenetan.

Hiria hainbat auzotan banatua dago, eta herriguneaz gain, Albayzin da arabiar jatorri horren testigantzarik garbiena. Sacromonte berriz ijitoen bizileku izan da mendeetan zehar, eta izaera berezia mantentzen du hark ere. Herrigunea berriagoa da, baina etxe modernoagoekin batera, hainbat eraikin eta txoko berezi ere aurki daitekezke.


Herrigunea

Granadako Katedrala da herrigunearen muin eta erdigune. Errenazimendu garaiko eraikina erraldoia da. Aste Santua barrutik bisitatzeko garairik onena ez bada ere -prozesioengatik itxita ez badago, jendez gainezka egoten dira inguruak- inguruko kaleetatik ere ikus daiteke.

Herrigunean bertan, eta katedraletik gertu, Granadaren arabiar jatorria erakusten duen beste toki bat dago, Alcaiceria izeneko kale multzoa. Denda txikiz betetako kale estuak dira, biziak eta oso koloretsuak. Arabiar herrialdeetako zoko edo merkatuen itxura du gune horrek, eta marokoar jatorriko hainbat produktu eros daitezke, hala nola oinetakoak, telak, arropak edota dekoraziorako gauzak.

Kalez kale gabiltzala, beste zenbait toki bitxi ere aurkitu ditugu.  Horietako bat da Corral del Carbón eraikina. XIV. mendean arabiarrek eraikia, komertziorako gune izan da hainbat mendez. Erabat utzita egon zen, baina berreskuratu eta gero, bisitatzeko moduan jarri dute (doan).

Granadan egin dugun beste aurkikuntza bat, tapeoa izan da. Ez pentsa Euskal Herriko pintxo-potearen antzeko ezer denik. Ez, ez. Bi kaña eskatuta, plater beteko tapak ateratzen dituzte, ez pintxo soilak. Paella, oilaskoa saltsan patata frigituekin, kus-kusa haragiarekin… denetarik ikusi dugu; horietako bi edo hirurekin, otordua eginda! Tapeorako lekurik tipikoenetakoak dira Navas kalea, Plaza Berria, Realejo edota Paseo de los Tristes kaleak.

Albaycin aldera hartuta, Darro errekaren ondoan dago Carrera del Darro auzo historikoa, bere harrizko zubiekin eta XVI. eta XVII. mendeetako etxeekin. Handik aurrera eginez, Paseo de los Tristes kale ezagunera iritsi gara.  Garai batean hilerrira zihoazen segizioak handik pasatzen zirelako hartu omen zuen izen hori. Egun, gutxi du tristetik, tabernaz eta terrazaz beteta baitago, eta parez pare, Alhambra ikus baitaiteke bertatik. Handik gora joanda dago Albayzin auzoa.


Albayzin

Albayzin (edo Albaicin) Granadako auzorik arabiarrena dela esan liteke. Izan ere, errege katolikoek Granada hartu ondoren, han konfinatu zituzten hirian gelditu ziren arabiar guztiak. Bere kale estu eta aldapatsuak ere, jatorri horren adierazle dira. Merezi du auzo horretan galtzeak, eta batera eta bestera, etxe txuri, ate dotore eta plazatxo ederrak ikusteak. Albaicin auzoaren goikaldean, San Nikolas begiralekua dago, Alhambra ikusteko tokirik onena, parez pare egoteaz gain, Sierra Nevada ere ikusten baita handik, ikuspegi ederra osatuz. Plaza horretan bertan, artisauak eta gitarra joleak biltzen dira, eta giro berezia ematen diote tokiari.

Albayzin auzoa ikusita, herrigunera itzuli gara berriz, baina bidean, beste kale interesgarri bat bilatu dugu, Calle de las Teterías bezala ezagutzen dena. Alcaiceria bezala, marokiar jatorriko artisauen eta produktuen dendaz betetako kalea da, eta izenak dioen moduan, tea hartzeko taberna ugari daude. Te eta infusio mota ezberdinez gain, pasta tradizionalak probatzeko aukera ere badago.


Sacromonte

Albaicin arabiarren auzoa bada, Sacromonte ijitoena da. Auzo horretan bizi izan dira historikoki, eta egun, garai bateko bizimodu bera mantentzen dutela dirudi. Kanpotik etxe zuriak diruditen arren, koben inguruan eraikita daude gehienak.

Flamenko ikuskizuna Venta del Gallo koban

Koba horiek, etxebizitza bezala ez ezik, jatetxe edo flamenko areto bezala erabiltzen dira egun. Horietako batean izan ginen, Venta el Gallo izenekoan.

 

Granadan non lo egin

Granadak ez du AC gunerik eta hura hiru egunez bisitatzeko, edozein aparkalekutan lo egin baino, nahiago izan genuen kanpin batera jo. La Zubia auzoan dagoen Reina Isabel kanpinera jo genuen. Kanpineko ohiko partzelez gain, furgoneta eta ACentzat prestatutako beste batzuk ere badituzte, eta horrela merkexeago ateratzen da gainera!


___________________________________________________________________________

Alhambra

Ez dago ukatzerik. Granadaren erakargarri nagusietako bat Alhambra da. Harresitutako hiri moduko bat da, hainbat palazio eta lorategi dituena. Arabiarrek Al-Andalusen zuten hiriburua zen Granada, eta bertako hainbat errege eta agintariren bizileku eta gotorleku izan da mendeetan zehar.

Alhambraren jatorria oso zaharra da. 899. urtean aipamena egiten zaio Sabika mendiaren gaineko asentamendu militarrari. 1238an, errege nazarien bizileku bilakatu zen; ur sistema propioa eraiki zuten orduan. Alhambrak dituen palaziorik gehienak, gerora eraikitzen joan ziren.

Kontuan izan behar da Espainia osoko monumenturik bisitatuenetako bat dela, eta 2016an, 2,4 milioi bisitari jaso zituela. Horrek esan nahi du, batez ere aste santuan, leporaino beteta egongo dela. Eta egin kasu, sarrerak denboraz (hilabete lehenago gutxienez) hartzea komeni da. Gu astebete lehenago saiatu ginen, eta ezinezkoa izan zen; Andaluzian egon behar genuen egunetarako ez zegoen ezer.

Zer ikusi daiteke Alhambran sarrerarik gabe?

Orduan, zer egin Alhambran sarrerarik ez baduzu? Ba gezurra badirudi ere, harresiaren barrualdera sartzeko ez da sarrerarik behar. Lehen esan bezala, herri harresitu edo ziutatela moduko bat da Alhambra, eta gauza ugari ikus daitezke sarrerarik ordaindu gabe; kale eta plazetan ibil zintezke, eta eraikin gehienak kaletik ikus daitezke, baita bakar batzuk barrutik ere. Hori bai, palazio eta jardinetara ezingo zarete sartu. Baina ezer ikusi gabe gelditzea baino hobea da behintzat!

Ordainpeko guneak Palazio Nazaria, Generalifeko lorategiak, Alkazaba eta Comares eta Leones patioak dira. Aldiz, harresia eta bere arkuak, Erret kalea, etxeen aztarnak, bainuak, kainoiak, Arte Ederren museoa eta Alhambrakoa eta Carlos V.aren palazioa (beheko argazkian) debalde ikus daitezke.


___________________________________________________________________________


Tabernas desertua

Ongietorriak Far Westera. Tabernas desertuan (Almeria) dozenaka western errodatu ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan. Horietako batzuk, spagetti western izendapena jaso zuten. Sergio Leone, Clint Eastwood eta Ennio Morriconeren Dolarraren trilogia ezaguna, Bud Spencer eta Terence Hill bikoaren filmak, edota berriki Alex de la Iglesiaren 800 balas filmak errodatu dira, besteak beste, inguru horietan.

Behinala zineko plato izandako eskenatoki haiek, bisitariak erakartzeko gune turistiko bihurtu dira. Horietako batean, Fort Bravo – Texas Hollywood izenekoan izan ginen gu. Zine zaleak garenontzat, egin beharreko bisita da, nahiz eta zenbaiti sarrera garestia irudituko zaion (19,90 euro helduena, 9,90 umeena). Dirudienez aste santuan hasten dute denboraldia, eta ‘herria’ ez zegoen funtzionamendu betean. Sarreraren truke bi ikuskizun eskaintzen dituzte, eta zaldi gurdian ibiltzeko aukera ere badago. Ikuskizunak aparteko ezer ez badu ere, filme mitiko horien eskenatokien barruan sentitzeak merezi du!


___________________________________________________________________________

Gata lurmuturra

Granada ikusi eta gero, kostaldera joan nahi genuen, eta Almeriarako bidea hartu genuen. Gata lurmuturra oso toki berezia da. Itsas ertzean kokatuta eta gune desertikoz inguratuta dagoen parke natural bat da. Etxe txuriz osatutako herri ugari ditu, eta baita nahi adina hondartza eta kala txiki ere.

Parke naturala aipatu dugunez gero, ohar bat egin nahi genuke. Naturgune izendatuta dagoena errespetatzen badute ere, inpresio handia eragin zigun parkearen inguru guztia negutegiz eta plastikoz beteta dagoela ikusteak. Almerian horrelako tokiak zirela jakitun ginen, baina uste genuen Motril eta El Ejido artean zeudela, eta gune hau libratuko zela, baina plastikozko itsasoa guk uste genuena baino zabalagoa da.

La Fabriquilla eta faroa

Behin haseran hartu genuen inpresio txar hori gaindituta, San Miguel de Cabo de Gata herrira gerturatu ginen. Nahiko herri hazia da, eta apartamendu turistiko ugari daudela ikusi dugu. San Miguel herrian dagoen Cabo de Gata kanpinean gelditu gara.  Handik La Fabriquilla aldera berriz, apenas dago etxerik, eta dena kilometrotako hondartza handi bat da. La Fabriquilla bertan dagoen gatzagatik eta lantegitik sortutako tokia da. Eliza berezi bat ere badu, txikia baina proportzioan kanpandorre handia duena, itsasargi bat bailitzan.

Fabriquillatik pare bat kilometrora dago Gatako faroa edo itsasargia. Defentsarako fuerte baten gainean eraikita dago eta 18 metroko altuera du eta bere argia 300 miliako distantziara ikusten dela esaten da. Faroaren ondoan, Cala del Corralete dago, aparkaleku handi batekin.

San Jose

Cabo de Gatako herririk ederrenetako bat da San Jose. Inguruko herrietan haziena da, nahiz eta 750 biztanle inguru dituen. Turismoarekin batera hazitako herria dela esan liteke, duela hamarkada batzuk arte, apenas dozena bat lagun bizi baitziren bertan. Arrantzake herri izatetik, turismo gune izatera pasa da, eta egun, denetariko zerbitzuak aurki daitezke bertan.

Herrigunean bertan dagoen hondartzaz gain, arrain ona eta paella ederrak jateko toki ezinhobea da. Bat gomendatzekotan, portu aldera dagoen El Faro jatetxea gomendatzen dizuegu, eguneko arrain freskoa izaten baitute. Itsasontzian bidaiak egiteko, kayaketan ibiltzeko edo snorkel egiteko aukera ere badago.

San Josetik gertu, hainbat hondartza eta kala daude. Horietan ezagunenak Playa de los Genoveses eta Monsul dira, baina badira gehiago ere, nahiz eta horietara heltzeko bidea okerragoa den. Gu Genoveses hondartzan izan ginen, eta ikusteko modukoa da. Udaran parkinean sartzeagatik kobratu egiten dute, baina aste santuan debalde sartu zitekeen.

Isleta del Moro

Herri arrantzaleen itsura eta tradizioa mantentzen duen herririk bada, hori Isleta del Moro da. Etxe txuriz osatua dago, eta herrigunea portuaren eta plazatxo baten inguruan dago antolatuta, eta portura gerturatu orduko ikusten dira arrantzaleen ontzi eta txalupak. Itsasoari begira jateko aukera ematen duen jatetxe bat ere badu.

Izena, itsasoaldera barneratzen den harkaitz handi bati zor dio. Garai batean arabiarren eta piraten bizileku izan omen zen, eta Mohamed Arráezen omenez jarri omen zioten izena. Irla ikustera joateko oinezko bidexka bat ere badago. Bertatik, Playa del Peñón Blanco hondartza eta Los Ecullos herria ere ikus daitezke.

Izan ere, Isletatik oso gertu dago Los Escullos. Haren antzera, herri txikia da, eta biztanle gutxi batzuk baino ez ditu, turismora bideratutako etxeez haratago. Herritik gertu, Playa del Arco eta Playa del Esparto hondartzak daude.

Isleta del Morotik Rodalquilarrera doan bideari jarraituz, Mirador de la Amatista begiratokia aurkitu dugu. Itsasertzean badago ere, nahikoa altuera hartzen du, eta bertatik dauden bista zoragarriez gozatzeko toki ederra da. Zaintzarako postu bat zegoen bertan, baina egun, bisitarientzako tokia da (turistentzako informazio puntua ere badu).


Las Negras

Aurrekoak bezala, jatorri xume eta arrantzaleko herria da, nahiz eta egun turismoari begira bizi den. Bere harrizko hondartzetan eragin bolkanikoa nabaritzen da. Izena ere, jatorri bolkanikoa duen Cerro Negro mendiari zor dio.

El Playazo hondartza, atzean Las Negras ikusten dela.

Herritik gertu, San pedro kala aurki daiteke, eta baita El Playazo hondartza ere (kotxez joanda). La Negraseko hondartzaren aldean, honek hare fina du. Hondartzaren ertz batean, San Ramón gotorlekua dago, XVIII. mendean eraikia eta Independentzia gerra garaian erabili izan zutena.

Handik aurrera, Agua Amarga eta Carboneras herriak daude; Agua Amarga gainontzeko herrien antzera, herri txikia da, txuria eta polita. Baina Carboneras  behintzat ez zitzaigun gehiegi gustatu. Gainontzeko herrien ondoan oso handia eta turistikoa da (sarreran dagoen fabrika erraldoiak ere ez du laguntzen), eta bidaia honetan behintzat, ez da hori bilatzen genuena.

Gata lurmuturrean non lo egin

Gata lurmuturra furgonetazaleen paradisu bezala definitu izan dute askok, baina kontuz ibiltzea komeni da, parke natural batetaz hizketan ari baikara. Hondartza inguruetan eta parking gehienetan ikusten dira furgonetan eta ACak, baina sare sozialetan irakurri dugunaren arabera, isunak ere jartzen dituzte. Tentazio handia da hondartza bazter batean gelditzea (guk lo ez baina siesta eder bat bota genuen). Zortea baduzue, ez dizuete ezer esango, baina gauza guztietan bezala, arretaz eta batez ere errespetuz ibiltzea gomendatzen da.

Kanpinak gogoko dituzuenentzat, aukera ugari daude. Guk bereziki San Jose herriko Tau kanpina gomendatuko genuke, txukuna baita eta oso toki onean baitago, baina badira gehiago ere San Miguel, Los Escullos eta La Negras herrietan. Gainera, kanpin horietako batzuk furgoneta eta ACentzako gune bereziak dituzte, eta merezi du galdetzeak, prezio bereziak egiten baitituzte.

AC gunerik ez dago baina Camper Park izeneko gune pribatu bat ikusi genuen (hori bai, negutegi artean kokatuta). Gainontzean, San Jose herriaren sarreran dagoen parkinean ere pasa liteke gaua.


___________________________________________________________________________

Toledo

Bueltako bidea berriz osorik egin beharrean, bidean Toledon gelditzea erabaki genuen. Hiri historiko bezain ikusgarria da, baina errepideko trafiko pilaketak zirela medio, iluntzean heldu ginen, eta ez genuen nahi adina denborarik izan ikusteko. Hori bai, beste baterako gordeta utzi dugu, bisitak merezi du eta. Ea hurrengo batean Gaztela Mantxa hobeto ikusteko bidaia bat egiten dugun!

Toledon ere az dago AC gunerik bere horretan, baina autobus geltokiaren ondoan dagoen parkina gomendatzen zuten hainbat forotan. Bertara iritsi orduko, furgoneta eta AC ugari ikusi genituen, eta han pasa genuen gaua, etxerako bidea hartu aurretik.

Andaluziari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ikusi Sevilla eta Cordoba artean egindako bidaia.

Advertisements

One thought on “Andaluzia Aste Santuan (2) Granada eta Cabo de Gata”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s