Orio: itsasoa eta nortasuna

Oria ibaiaren itsasadarrean kokatuta dago Orio, Gipuzkoako kostaldearen erdialdean. Arrantzale jatorriko herria da, eta egun ontzi gutxi batzuk gelditzen badira ere, arraunak eta itsasoarekiko loturak nortasun berezia ematen diote herriari. 5.900 biztanle inguru ditu, nahiz eta udaran jende gehiago etortzen den.

Denok izaten dugu toki berezi edo kuttunen bat, etxetik gertu egon arren, deskonektatzeko eta asteburu pasa lasai bat egiteko aukera ematen dutenak. Toki berezi horietako bat da guretzako Orio; aurreneko irteerak bertara egin genituen, eta oraindik ere, askotan joaten gara asteburu pasa. Artikulu honetan herriari buruzko informazioa emateaz gain, non lo egin daitekeen eta zer eta non jan gomendatuko dizuegu. Baita herriko ikuspegirik ederrenak dituen mendi ibilaldi bat proposatu ere.

Plaza nagusia, garai bateko portua zegoen tokian dago, hibaiari irabazitako orubean. Handik gora, maldan eraikita dago herriaren alde zaharra. San Nikolas eliza XVI eta XVII. mendeen artean eraiki zuten, eliza zaharrago baten gainean. Herrigunea bezala, aldapan eraikita dago, eta egitura berezia du. Haren arkupetik pasata dago kale nagusia. Besteak beste, Done Jakue Bideko interpretazio zentroa aurki daiteke bertan.

Herri bizia da Orio, eta noiznahi aurki daiteke festa edo ekitaldiren bat kalean. Herriko festa nagusiak San Pedro jaiak dira, ekainaren bukaeran ospatzen dituzte. Balearen Eguna ere ospatzen dute, 1901ko maiatzaren hamalauan herriko arrantzaleek harrapatu zuten balearen gertaera gogoratzeko; festa nagusia bost urtez behin egiten bada ere, tarteka izaten da ekitaldi txikiagoren bat. Udaberritik aurrera, bestelako azoka, jaialdi eta ospakizun ugari izaten dira. Estropada garaia ere berezia izaten da; herria horiz janzten da, hori baita Orioko taldearen eta oriotarren kolorea

Kostako herria izaki, Oriok badu bere hondartza, nahiz eta herrigunetik apartexeago dagoen. Antilla hondartza oso zabala ez bada ere, luzeera handia du, eta nahiz eta jende asko egon hondartzan, beti aurkitu daiteke tokia. Herrigunetik hondartzara bidean, kirol portua ere badago. Oinez edo bizikletan joan daiteke herrigunetik hondartzara, Oria ibaiaren ondotik doan bidegorria baitago. Ibaiaren beste aldean, Oribazar hondartza dago, txikiagoa da, baina jende gutxiago ibiltzen da normalean.

Orion non lo egin

Orion ez dago AC gunerik, baina hainbat tokitan pasa daiteke gaua, ez baitute horretarako arazorik jartzen. Herriak dituen bi parking nagusietan (herrigunekoa eta kirol portukoa, autopistaren azpian) egoten dira furgonetak eta autokarabanak, batzutan baita hondartza ondokoan ere.

Guk hala ere, Orio kanpina bisitatzeko gomendioa luzatu nahi dizuegu. Gipuzkoako eta euskal kostaldeko kanpinik onenetakoa (gure ustez onena) da kalitateari eta prezioari begiratuta. Udal kanpina da, eta oso ondo zainduta dago. Instalakuntza onak ditu, eta taberna eta sarrerako eraikina duela urte gutxi berritu dituzte. Kokapen ezinhobea du, hondartzatik 200 bat metrora eta herrigunera oinez bost bat minutuan joateko moduan baitago.

Prezioari dagokionez ere, ondo ateratzen da: bi heldu, furgonetarekin eta argindarrarekin, 22,50 euro denboraldi ertainean (ACSI txartelarekin 17 euro ordaindu dugu guk).

Gastronomia: Zer eta non jan

Arrantzale jatorriko herria izaki, arraina da Orioko berezitasuna, parrillan eta bertako ukitu bereziarekin egiten du, gainera. Batez ere, bisigua eta erreboiloa probatzea gomendatzen dizuegu, nola ez, txakolin eder batekin lagunduta. Herrian badaude arrain ona jateko tokiak, herrigunean (Joxe Mari eta Xixario) nahiz herriaren goikaldean (Katxiña eta San Martin). Normalean oso ondo ematen dute, baina kontuz prezioekin, orokorrean oso garestiak baitira (genero ona ondo ordaintzen da…).

Kanpina gomendatu dizuegun bezala, kanpinaren ondoan dagoen Boga Boga jatetxea ere gomendatu nahi dizuegu. Aukera ugari eskaintzen ditu, eta ogitarteko edo plater konbinatu batetik hasita, menua eta karta ere badituzte. Han ere parrillan egindako arrain ederra jan daiteke, eta herrigunean baino merkexeago.

Gainontzean, eguerdi partean eta iluntzean giro ederra izaten da herrigunean, eta pintxo batzuk jan eta zerbait hartzeko taberna ugari daude.

Herria ezagutzeko ibilbide bat


Orio eta haren inguruak ezagutzeko, sekulako ikuspegiak dituen ibilbide bat gomendatu nahi dizuegu. Ordu eta erdi inguruko ibilbidea da, eta Itxaspe, Talaia eta San Martin ermitatik barrena doa.

Orioko hondartzatik (Antilla), eskuin aldera abiatzen den bidexkari segi behar zaio. Hasieran aldapa gogor batekin hasten da, baina itsasoaren ondoan oinez joatearen sentsazioa ederra da. Lehen aldapak pasata, begiratoki eder bat dago; bertatik itsas zabalaren eta labarreko harkaitzen ikuspegi ederra izateaz gain, Getaria eta Gertariko arratoi ezaguna ikus daitezke, besteak beste.

Hogeita bost bat minuturen buruan Itxaspera iritsiko gara; garai bateko baserria zena, aterpetxe bihurtuta dago egun. Eskubirantz jarraituko dugu, PR-GI158 bidetik, San Martin markatzen duen norabidean.

Berrogeigarren minuturako, Orioko Talaira iritsiko gara. Euskal kostaldearen ikuspegi ederra dago handik; pixka bat aurrerago, Orioko herrigunea eta Oria ibaiaren arroa ere ikusiko ditugu. Bidean, sagastiak eta mahastiak ere ageri dira.

Ordubeteren buruan errepidera iritsiko gara; hura gurutzatu eta beherantz jarraituko dugu. Bide bazterretik metro batzuk egin eta ermitara daraman bidea hartuko dugu; berriz ere aldapa. San Martin ermita eraikin sinple baina dotorea da; XIII. mendearen aurretik egina dela uste da, baina XVI. mendean zaharberritu eta egun duen itxura eman zioten. Egurrez egindako korua du eta sapaitik zintzilik, itsasontzi bat.

Handik behera, hilerri ondotik pasa eta herrigunera iritsiko gara. Herria malda baten gainean eraikita dagoenez, kaleak estuak eta aldapatsuak direla ohartuko gara. Arrantzale herrietako arkitektura tipikoa dute etxeek, horiek ere estuak eta garaiak baitira. Plazara iritsi aurretik, San Nikolas elizaren ondotik pasako gara. Kanpotik eraikin berezia da hau ere, arku bat eta pasabide bat baititu kalea zeharkatuz. Haren ondoan, Jorge Oteiza eskulturgile oriotarraren omenez egindako oroigarria dago.

Nortasuna duten kostako herriak, kaleko giroa, hondartza eta gastronomia gustatzen bazaizkizue, joan zaitezke Oriora, merezi du eta!

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.