Galiza: Costa da Morte

Galizan toki berezirik bada, Costa da Morte da horietako bat. Itsasoari lotutako istorio eta kondairaz betetako lurraldea da. A Coruña probintziako kostalde bihurri eta labartsuan kokatua. Hara aurreneko bidaia egin genuenetik urte asko pasa dira, eta bagenuen bertara itzuli eta kostako bidea berriz egiteko gogoa, hain oroitzapen onak utzi zizkigun lekua sakonago ezagutzeko.

Bidea

Goiz atera gara Gipuzkoatik, bazkaltzeko garairako Galizara iristeko asmoarekin. Kantauriko autobidetik 600 bat kilometro egin ditugu, eta zortzi bat orduren buruan, geldialdiak barne, Betanzosera iritsi gara, jada galiziar lurretan. Handik kosta guztia zeharkatuz joango gara, bidean Camariñas, Muxia, Fisterra eta Muros bezalako herriak ikusiz.


___________________________________________________________________________

Betanzos

Herriko plaza nagusitik gertu aparkatu eta herria ikusi eta zerbait jateko tartea hartu dugu. Plazak bertako arkitektura gordetzen du, egur zuridun leihoekin, eta parte zaharra interes historiko-artistikodun gune bezala izendatuta dago. Ibaiaren ingurua eta Pedrido zubia ere bisitatu daitezke, herritik behera eginda.

Plazaren inguruko kale estuetan, bertako taberna tipiko ugari aurkitu ditugu, eta bertan, aurreneko pulpoa eta Padroiko piparrak probatzeko aukera izan dugu. Orain bai, Galizan gaude!!!

___________________________________________________________________________

Sada eta Bergondo

Ia egun osoa errepidean pasa eta gero, kostaldera iritsi eta atseden hartu nahi dugu. Sada herria pasaeran ikusi dugu; kostaldeko herria da, bere portuarekin eta hondartzekin. Handik Bergondo aldera etorri eta Gandario hondartzako kanpinetako batean egin dugu lo. Oso toki lasaia da, guk behar dugunerako ezin egokiagoa.

___________________________________________________________________________

Dexo-Serantes kostaldea

Biharamunean, Dexo-Serantes kostalde ikusgarria ezagutu dugu, Oleiros kontzeiluan. Turistikoki asko esplotatu gabeko gunea da, eta benetan, merezi du bisita egiteak.
Mera itsasargiaren seinaleak jarraituz, bidea bukatzen den aparkaleku batera iritsi gara; bertan furgoneta utzi eta oinez jarraitu dugu.

Ibilbide erraza da, eta metro gutxitan, itsasargiaz gain, A Coruña parez pare erakusten duten bista zoragarriekin goza daiteke. Garai bateko bateria militarra eta Seixo Branco harkaitz berezia ere ikus daitezke. Azken hau, kuartzo txuriz osatutako beta edo zain bat da, harkaitz ilunaren ondoan itsasoraino doan erreka bat dirudiena. Bideari jarraituz gero, furnak (olatuen indarrak sortutako kobazuloak) eta Subiña mendiko kastroa ere ikus daitezke.

___________________________________________________________________________

Porto de Santa Cruz

Kostako bidea jarraituz, Porto de Santa Cruz herrira iritsi gara. Herrigunean obra ugari daude martxan, eta hondartza aldera jo dugu. Han ikusi dugu Santa Cruz gaztelu ikusgarria. Irla baten gainean dago, eta egurrezko pasabide luze batek lotzen du lurrera. XVII. mendean eraikitako gotorlekua da, galiziar kosta defendatzeko egindako askoritako bat.

Itsasoaren ertzetik doan bideari helduz, A Coruñara gerturatzen hasi gara. Hiri handia da, izen bereko probintziaren hiriburua, baina zentzu askotan onerako harritu gaituena.

___________________________________________________________________________

A Coruña

Portuko bideari jarraituz, kirol portuaren ondoan dagoen aparkaleku batera iritsi gara. Bertan utzi dugu furgoneta, eta Viaxando en Furgoko Romanen gomendioak jarraituz, bertan gelditu gara lotan. Bere lurraldean gaude, eta bere aholkuak hitzetik hortzera jarraitzea erabaki dugu.

A Coruñak oso orografia berezia du; penintsula batean kokatuta dago, eta istmo estu batek lotzen du lurrarekin. Estugune horietan, itsasoari lurra irabaziz joan da hazten hiria. Alde batean portuen gunea dago, eta bestean, Riazor hondartza luzea.

Penintsula horren puntan dauden Hercules dorrea eta Menhireen ibilbidea ikusi ditugu bizikletaz (hiriak bidegorri sare ona du). Handik, lehenxeago bisitatu ditugun Dexoko kostaldea eta Seixo Branco harkaitza ere ikus daitezke.

Arratsaldean hiriaren alde zaharra ezagutzera joan gara, eta handik, Maria Pita plaza, Paseo de la Marina etorbidea eta San Anton gaztelua ikusi ditugu. Aparkatu dugun lekutik nahiko gertu dago dena, eta oinez bisitatu daiteke herrigunea. Gauean, Viaxando en Furgo blogeko familiarekin (moitas grazas!!) elkartu gara, eta A Coruñako gau giroa eta afaltzeko hainbat toki berezi erakutsi dizkigute. A Barrera kalean ‘tapeo’ modura afaldu dugu, O Tarabello eta A Troula tabernetan (biak ere gomendatzeko modukoak).

A Coruñan non lo egin
· Hercules dorreko aparkalekua. Furgonetan eta ACan doan jenderik gehiena han gelditzen da. Parkinaren ondotik pasa garenean, toperaino beteta zegoela ikusi dugu. Lekua oso polita da, baina herrigunetik aparte antzean geldi daiteke (bidegorria badu hala ere).
· Ánimas aparkalekua (kirol portutik gertu). Han pasa dugu gaua. Herrigunetik oso gertu dago, baina oso toki lasaia da.
· Kirol portuko AC gunea: Gune pribatua da, baina oso instalakuntza onak ditu. Denetik dago, komunak, dutxak, taberna, gaueko zaintza… Hori bai, 20 euro ordaindu behar da gaua bertan pasatzeko.


____________________________________________________________________

Caión

A Coruñak halako sentsazio ona utzi eta gero, kostako bideari ekin diogu berriz, gure helburu nagusietako bat den Costa da Morte ezagunera iristeko asmoarekin.

Arteixo atzean utzi eta Caión herrira iritsi gara. Herri txikia da, baina kuriosoa benetan, itsasoaren gainean eraikita dagoela baitirudi. Portuan jateko hainbat leku daude, eta herriaren bukaeran, parking handi bat ikusi dugu; autokarabana batzuk bazeuden bertan, eta bertan lo egiterk egongo dela pentsatu dugu.

___________________________________________________________________________

Malpica eta Laxe

Baina oraindik goiz da, eta kostako herri eta paisaia gehiago ikusi nahi ditugu. Malpica herriak portu polita du, baina herria nahiko hazia eta kaotiko xamarra iruditu zaigu. Aurrera eginez, Ponteceso herrian gomendatu ziguten Balarés hondartzan gelditu gara. Ez dago haretan etzanda egoteko girorik, baina tokia gustatu zaigu, lasaia da eta bista ederrak ditu, baita merendaleku dotore bat ere. Bideari segiz, Corme atzean utzi eta Laxe herrira iritsi gara bazkal garairako.

Bertan gelditu gara bazkaltzen; O Bocho jatetxean gure aurreneko zamburiñak probatu ditugu, pulpoarekin eta txipiroiekin batera. Jatetxeez gain, Laxek badu hondartza handi bat, eta turismo apur bat ikusi badugu ere, abuztua izanik nahiko herri lasaia iruditu zaigu.

___________________________________________________________________________

Camariñas

Hemen gelditu egingo gara. Izan ere, Camariñasek merezi du aipamen berezi bat. Costa da Morten gaude, bete-betean, eta Camariñasek herri arrantzale bati eska dakiokeen guztia dauka bere baitan. Herria oso polita da, eta jateko leku ugari ditu. Portuan dagoen aparkaleku handi batean lo egin daiteke, eta haren ondoan, kirol portuan, taberna bat dago; kirol portuko instalakuntzetan dutxa bat hartzeko aukera ere bada, 3 euro ordainduta. (harreran galdetu). Gainera, portuan bertan gaudenez, goizean eta iluntzean arrantzaleak portura iritsi eta lanean ikus daitezke.

Camariñas asko gustatu bazaigu, zer esan bere inguruez. Erabat maiteminduta gelditu gara. Ez ezazue galdu Cementeiro dos Ingleses deiturik gune ikusgarria. Istorio tristea du atzean (1890eko ontzi inglesez baten hondoratzea), eta itsas bazterreko toki berezi honek zirrara eragiten du. Atzera herrirako bidean, Cabo Vilán aldera hartu dugu, hau ere toki ikusgarria, bere faroarekin.


___________________________________________________________________________

Muxia

Eta iritsi gara Muxiara. Costa da Morteko herririk ederrenetako bat, tamalez, Prestige hondoratu zenean ezagun egin zena. Duela hamar urte baino gehiago izan ginen han, eta aldatuta nabaritu dugu, onerako, orain beste harrotasun batekin erakusten baitu bere burua.

Herrian bueltatxo bat egin eta O Porto tabernan tretxuak (navajak) eta muskuiluak jan ondoren, Barca lur muturra eta Santuario de A Virxe da Barca santutegia bisitatu ditugu. Itsas ertzean kokatuta dago eliza, eta inguruan forma berezia duten harriak daude, arroken artean. Handik Monte Corpiño muinora igo daiteke, eta merezi du, bista zoragarriak baitaude handik (herritik ere igo daiteke, baina arroka artetik igoera pikoa da).

Portuan hainbat furgoneta ikusi ditugu, eta bertan gelditzekotan egon gara (AC gunea ere badago herri sarreran), baina dutxa on bat eta atsedena hartzeko beharra genuen, eta Lago Mar kanpinera (Muxia eta Camariñas artean) joan gara, merezi duen tokia, lasaitasunagatik eta dituen bistengatik (kala baten ondoan dago).

___________________________________________________________________________

Finisterre lurmuturra eta Fisterra

Baina Costa da Morten leku mitikorik bada, hori Finisterre lurmuturra da. Erromatarrek ‘munduaren bukera’ deitu zioten, garai hartan ezagutzen zen munduaren punturik mendebaldekoena zelako. Lurmuturrean, 1853an eraikitako itsasargia ere badago. Hainbat itsas batailaren eta hondoratzeen lekuko izan da, eta gaur egun, Donejakue Bidea egiten duten erromes asko iristen dira haraino. Gure azkeneko bisitatik, turismo eta azpiegitura gehiago daudela ikusi dugu, baina oraindik eusten dio bere xarmari.

Lurmuturra bisitatu ondoren, herria jaitsi gara, Fisterrara. Itsas ertzeko beste herri bat da, portu polita du eta baita hainbat eraikin historiko ere, horien artean, San Carlos gaztelua. Herrira iristean ustekabe atsegina hartu dugu, festa pirata batekin eta Festa do Longueirón jaialdiarekin egin baitugu topo. Mila eratan prestatutako tretxuak (navajak) probatu ditugu, eta bete-betean sartu gara festan, batukada eta gaitero taldeen laguntzarekin (baita garagardoari esker ere, jeje).

___________________________________________________________________________

Carnota

Fisterrako festa giroaren eta betekadaren ondoren, Corcubionetik pasa eta Carnotara iritsi gara, atseden eta lasaitasun bila. Boca do Rio hondartzako aparkalekuan egin dugu lo, basoaren erdian baina hondartzatik gertu gauden sentsazioarekin, eta furgonetaz y ACz inguratuta!

Goizean Carnotako hondartza erraldoia ezagutu dugu, Galiza osoko handienetako bat, con 9 kilometroko luzeerarekin. Carnotan derrigorrez egin beharreko beste bisita bat, bere horreo ezaguna da, hau ere, Galiuzako handienetako bat. Santa Comba elizaren ondoan dago, herrigunetik oso gertu. Horreoak soroetako uzta (garia, artoa…) gordetzeko erabiltzen ziren, hezetasunetik eta xaguen eta intsektuen erasoetatik salbu.

___________________________________________________________________________

Muros

Costa da Morteko ibilbidea bukatzeko, Muros herrira iritsi gara, A Coruña probintziaren kostaldeko beste herri polit bat. Izenak dioen moduan, harresitutako herri bat zen, harrizko horma handiak zituena. Bere portua eta herrigune historikoa ezagutzeko modukoak dira. Eta jaten gelditzeko asmoa baduzue, kostaldeko produktuak dastatzeko toki egokia da.

Costa da Morte osoa zeharkatu dugu, baina gure Galizako bidaia ez da hemen bukatzen. Hurrengo atalean, Rias Baixas lurraldean barrena egindako bidaia kontatuko dizuegu.

Advertisements

One thought on “Galiza: Costa da Morte”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s