Bizkaiko Kosta: Mundaka, Bermeo eta Gaztelugatxe

Bizkaiko kostak paraje zoragarriak ditu eta asteburu bat motz gelditzen da dena behar bezala ezagutzeko. Aurreko bidai batean Ondarroa, Lekeitio eta Elantxobe ezagutu genituen, eta oraingoan, Urdaibai ibaiaz harago jo dugu, Mundaka, Bermeo eta Bakio ezagutzeko asmotan. Eta bide batez, Euskal Herriko tokirik eder eta berezienetako bat den Gaztelugatxe bertatik bertara ikusteko.

Busturialdea eskualdeak Urdaibairen bi aldeak hartzen baditu ere, oraingoan Gernikatik gora, mendebalderantz abiatu gara. Atxondo, Murueta eta Busturi-Axpe herrixkak pasata, Mundakara iritsiko gara aurrena. Handik, kostako bideari jarraituko diogu berriz Bermeoraino, eta bide beretik, Matxitxako lurmuturra eta Gaztelugatxe pasata, iritsiko gara Bakiora.

Mundaka

Urdaibai ibaiak kantauri itsasoarekin bat egiten duen tokian dago Mundaka. Bere ezker olatu ezagunari esker, surfistentzako erreferentziazko toki bihurtu da.  Itsasoari lotutako herri txiki eta lasaia da, baina asteburuetan eta uda garaian giro berezia duena. Apenas ditu 1.900 biztanle, baina udan jendez gainezka egoten da.

Merezi du herrigunean eta portu aldetik bueltatxo bat emateak. Laidatxu hondartza ere herrigunetik gertu dago. Inguruetan, Santa Katalina ermita bisitatu daiteke, herrigunetik paseo bat emanez. Portuondoko eta Talako begiratokietatik ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Han ikusten da Izaro uharte ezaguna, urte askoan mundakarren eta bermeotarren arteko lehia iturri izan dena.


Bermeo

Kostako bideari jarraituz, Bermeora iritsi gara. Bizkaiko kostako  herri nagusietako bat da; arrantzale herria izan zena, asko zabaldu da azken hamarkadetan, baina oraindik eusten dio portuari eta itsas bazterreko herrien izaerari.

Portu inguruan taberna ugari daude, eta pintxo ederrak edo arrain ona jateko lekuak erraz aurkituko dituzue. Handik gertu dago Ertzilla dorrea; eraikin ikusgarri horretan kokatuta dago Arrantzaleen Museoa. Portuan, Aita Guria baleontzia bisitatzeko aukera ere badago (aste santutik azarora bitartean zabaltzen dute).

Bermeotik aurrera, beti ere kostako bideari jarraituz, Matxitxako lurmuturrera iritsiko gara. Bertan, itsas mailatik 122 metrora, Matxitxakoko itsasargia edo faroa dago, 20 metroko dorrea duena. Haren argia 30 miliatara ikus daitekeela esaten dute. Itsasargi hori 1909an eraiki zuten, baina aurrenekoa 1852koa zen.

Bermeon non lo egin

Bermeok badu autokarabanentzako gune bat. Matxitxako kaletik gora joanda dago, La Pergola bezala ezagutzen den aparkalekuan. Doakoa da eta gehienez 48 orduz egon daiteke. Herrigunea 300 bat metrora du, nahiz eta dezenteko aldapa dagoen.


Gaztelugatxe

Euskal Herriko lekurik magiko eta berezienetako bat da Gaztelugatxe. Azkenaldian oso ezaguna egin da, Game of Thrones telesaileko eskenatokietako bat delako, baina mendeak daramatza hor. Itsas bazterrean dagoen penintsula formako harkaitz bat da, eta bere gainean dago San Juan ermita. Egungo eraikina 1983koa bada ere (sute baten ondorioz berritu zuten), aurreneko baseliza IX. mendekoa dela uste da. Arrantzaleek oso maitea duten tokia da, eta ermitan bertan itsasontzien maketa eta erreminta ugari ikus daitezke.

Duela urte batzuk arte, beheraino jaitsi zitekeen kotxez, baina orain goiko aparkalekura mugatu dute ibilgailuen sarrera. Aldapan behera joan behar da oinez. Guztira ordubete eta ordu eta erdi arteko bidea eskatzen du joan etorriak; bidea dela eta, arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen da (giri asko ikusten dira sandalia edo kaleko zapatekin).

Bidean zehar, irlaren ikuspegi ezberdinekin gozatu daiteke. Beheraino jaitsitakoan, 241 eskailera igo behar dira. Behin ermitaraino igota, tradizioak dio kanpaia hiru aldiz jo eta desio bat eskatu behar dela. Euskal kostaldeko ikuspegiaz gozatzeko toki paregabea da.


Bakio

Gaztelugatxe ikusi ondoren, kostako bidea jarraituz, Bakio da hurrengo herria. Busturialdea utzi eta Uribe-Kosta eskualdean sartu gara. 2.500 biztanle inguruko herria da, baina hau ere, udan askoz jende gehiago hartzen duena.

Eraikin handiagoak ditu, eta ez du herri txikien xarma hori, baina hondartza ederra du, eta denetarik aurkitu daiteke bertan.

Bakion non lo egin

Bakion gaua pasatzeko toki ederra dago, hondartzatik apenas 200 metrora dagoen aparkaleku batean. Aparkalekua handia da, eta goikaldean furgoneta eta ACentzako prestatutako gune bat du. Doakoa da, eta aparkalekuaren behekaldean komun publikoak ditu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s