Gironako herririk ederrenak ezagutuz

Betidanik maite izan dugu Catalunia, eta aspalditik genuen buruan Gironako herririk ederrenak ezagutzeko bidaia bat egitea, barrualdean dauden ertaroko herriak eta kostako arrantzale herriak uztartuz. Herri horietako asko beste bidaiarien argazkietan ikusi izan ditugu, eta irrikitan geunden geure begiekin ikusteko. Hala, urte zahar bezperan, 8 egun eta 2.000 kilometrotik gorako bidaia honi ekin genion.

Ibilbidea

Girona lurralde zabala da oso, eta ezinezkoa da dena astebetean ikustea. Garbi genuen hainbat herri ezagutu nahi genituela, eta horietako bat Besalú zen. Garrotxa eskualdetik hasi genuen ibilbidea; eta handik, hiribura joan ginen. Gironatik oso gertu dauden Pals, Peratallada eta Monells ere bisitatu nahi genituen.

Hortik aurrera, bidean inprobisatuz joan ginen. Izan ere, kosta pixka bat ere ikusi nahi genuen, nahiz eta itinerarioa aurretik zehaztu gabe izan. Tossa de Mar, Calella de Palafruguell eta San Martí d’Empuries ikusi genituen, besteak beste. Denbora faltagatik ez ginen Cadaquesera iritsi, baina beste baterako gordeko dugu.

Goiz abiatu ginen Gipuzkoatik, eta Nafarroan eta Aragoin barrena joan ginen. Piriniotako autobidea aukeratu genuen, Zaragozatik doan autopistan 30 eurotik gora kentzen baitituzte bidesarietan. Bidean zerbait jan eta 16:00ak aldera iritsi gara Besalura, gure lehen helmugara.


Besalú

Besalú da bisitatu dugun ertaroko herririk ederrenetako bat. X. mendeko gazteluaren inguruan sortu zen herria. Sarrerako zubi dotoreak atentzioa ematen du; hura ere garai beretsukoa da, XI. mendeko testuetan aipatzen baita. Ordutik ordea, berreraiki egin behar izan dute, 36ko Gerran dinamita erabilita bota baitzuten. Gaur egun, Besaluren irudi eta postal ezagunena bihurtu da zubi hori. 1966an, herria gune historiko-artistiko moduan izendatu zuten, duen balioagatik.

Herrigunearen kanpoaldean dagoen aparkalekuan gelditu gara. Gaua pasatzeko prestatutako gunea dute bertan, urak hustu eta betetzeko tokiarekin. Furgonetek eta autokarabanek gainontzeko kotxeekin batera aparkatzen dute. Errepidea gurutzatuta, turismo bulegoa dago; bertan saltzen dituzte ura eta argindarra kargatzeko fitxak.

Turismo bulegoaren ondoan hasten da herriko sarrera den eta Fluviá erreka zeharkatzen duen harrizko zubia. Herriguneak erdi aroko kaleak mantentzen ditu, estuak eta harrizko etxez beteak. Carrer del Pont Vell kalea jarraituz, plaza nagusira iritsi gara. Handik, Canó kalea hartuta, XII. mendeko San Vicenç elizara heldu gara. Handik gertu daude garai bateko ospitale zen Sant Juliá eta Sant Pere monastegia, biak ere Besaluren peregrinazio garaiaren adierazle.


LLac de Banyoles

Besalú atzean utzita, Gironara daraman C-66 errepidea hartu dugu. Bidean ordea, Estany de Banyoles laku ezaguna ezagutu nahi izan dugu. Katalunia osoko lakurik handiena da, eta 2003an interes nautraleko gune izendatu zuten. 1992ko Olinpiar Jokoetan,  remo probetarako egokitu zuten, eta gaur egun ere, uretako hainbat kirol egiten dituzte bertan.

Lakuaren bueltan, atentzioa ematen duten hainbat eraikin ikusi ditugu, ur gainean dauden etxe edo dorretxoak dirudite eta. Laku osoari itzulia egiten dion ibilbide bat dago markatuta; 8 bat kilometroko ibilbidea da, baina guk zati bat ezagutu genuen.


Girona

Banyolesetik minutu gutxira dago Girona hiria. Bidaia honetarako herri txikiak hautatu genituen hirien gainetik, baina esan behar da Gironak harritu egin gintuela, eta onerako. Izan ere, bere parte zaharrean sartzea beste herri eta garai batean sartzea bezala da.

Independentzia Plaza ezagutu dugu aurrena. Artisautza produktuen merkatua zegoen bertan, eta baita hainbat taberna eta terraza ere. Kafe bat hartzeko toki ona da. Han bertan dago Onyar ibaia, eta ur gainean zintzilik dauden koloretako etxeak ikus daitezke bertatik. Pont d’en Gómez zubia hartu dugu, ibaia zeharkatu eta Barri Vell edo parte zaharrera sartzeko dauden hainbat zubietako bat.

Pujada de San Feliú kalean gora eginda,  izen bereko basilikara iritsi gara. Handik gertu arabiar bainuak eta Sant Pere monastegia bisitatu daitezke. Carrer de la Força kaleko sarreratik berriz, katedrala dagoen plazara iritsiko gara.

Santa María katedrala XI eta XVIII. mendeen artean eraiki zuten; hori dela eta, garai horietako hiru estilo arkitektoniko ezberdin uztartzen ditu: erromanikoa, gotikoa eta barrokoa. Plazatik elizara iristeko 90 maila dituen eskailera handi bat igo behar da.

Katedralaren atzealdean, hiriaren murruen zati bat ikus daiteke. Handik behera, Pujada de la Catedral kaletik jarraituta, Call Jueu edo judu kalera iritsiko gara; Europa osoan hobekien mantendutako ertaroko gunetzat daukate.

Gironan non lo egin

Gaua pasatzeko Área de la Devesa gunea aukeratu genuen. Izen bereko parkinean kokatuta dago, baina AC eta furgonetentzat toki propioarekin. Kritika onak ditu, eta bere instalazioak onak iruditu zitzaizkigun. Carrer de Joaquim Vayred kalean dago, eta herrigunera hamar bat minutu behar dira oinez. Bertako langileak oso harrera ona egin zigun, eta baita gida turistiko lanak ere!


Tossa de Mar

Urte zahar gaua Gironan pasa eta gero, kostaldera jo genuen, urte berria giro onean hasteko. Gironatik hegoalderantz joanda, lurralde horretako kostako herririk ederrenetako batera iritsi ginen.

Tossa de Mar arrantzale herri bat da, nahiz eta egun turismoa den aktibitate nagusia. XII eta XIV. mendeen artean eraikitako gazteluaren inguruan sortu eta garatu zen herria. Gazteluaren murruak eta dorreak ongi mantenduta daude, eta merezi du gaztelu barruko herrixka ezagutzeak. Gaztelu gaineko muinora igota, San Vicente elizaren aztarnak ikus daitezke, eta baita itsasargia ere.

Herrigunean Platja Gran izeneko hondartza handi bat dago, baina herriaren inguruetan, dozena bat hondartza eta kala aurki daitezke.


Sant Feliu de Guixols

Behin kostara iritsita, itsasertzeko bidea jarraitzea erabaki genuen, oraingo honetan ipar alderantz. Kostako bidea uste baino bihurriagoa da, baina ikuspegi ederrak ere baditu. Ordu erdiren buruan, Sant Feliú de Guixols herrira iritsi gara, Baixa Empordá eskualdean.

Aurrekoak baino herri haziagoa da; 21.000 biztanle inguru ditu, eta udan askoz gehiago izango dira, nahiko leku turistikoa baita. Hondartzan buelta bat eman eta herrigunetik aparte dagoen Cala Joncara joan gara bazkaltzera.

Sant Feliu de Guixolsen non lo egin

Sant Feliu eta S’Agaró artean badago AC gune pribatu bat. San Pol auzoan dago eta Área Sagaró du izena. Sant Feliuko herrigunetik aparte gelditzen da (hogei bat minutu oinez); baina San Pol auzoko hondartza apenas bost minutura dago. Gunea txikia da, baina beharrezko zerbitzu guztiak ditu.


Calella de Palafrugell

Kostako bidea jarraituz, San Antoni de Calongue eta Palamós atzean utzi eta toki magiko batera iritsi gara; nahiz eta hari buruz zer edo zer entzuna genuen, espero genezakeena baina toki ederragoa da.

Calella de Palafruguell ere arrantzale herrixka bat da, baina inguruko beste askok ez bezala, bere izaera eta jatorrizko itsura mantentzen jakin duena. Udan turista asko ibiliko dira hemen, baina urtarrila izanda oso lasai aurkitu dugu, eta gustura ibili gara bertan paseoan.

Herriak bi hondartza nagusi ditu, batean etxeak koloezkoak dira, eta bestean erabat zuriak. Esaten dutenez Joan Manuel Serrat bertan idatzi zuen Mediterráneo abesti ezaguna.


Sant Martí d’Empuries

Goizean Calella ikusi ondoren, iparralderantz jarraitu dugu, L’Escala aldera. Herri hori ezagutzen genuen duela urte batzuk egindako bidaia batetik, eta han gelditu beharrean, Sant Martí d’Empuries ezagutzera joan gara.

Ertaroko herri txiki bat da, baina txikia izanagatik, historia aberatsa du oso. Kristo aurreko VI. mendean greziarrak bizi izan ziren bertan, gero erromatarrak etorri eta bertan gelditu ziren, eta azkenik, baita arabiarrak ere. Apezpiku kristauen hiria ere izan VI eta VII. mendeen artean. Egungo eliza eta murruak ordea, berriagoak dira, 1507. urtekoak.

Herrigunetik 200 bat metrora, Ampurias-eko erromatar aztarnategia dago, eta bisitatu daiteke. Aldamenean parking handi bat du, eta hainbat furgoneta eta AC ikusi ditugu bertan; irakurri dugunagatik ordea, uda garaian ez dute bertan gaua pasatzen uzten.


Belcaire de l’Empordá

Gaua pasatzeko tokien zerrendan apuntatuta genuen Área Camper Park Massís del Montgrí gunea, eta bertara joan ginen. Belcaire de l’Empordá herrixkan kokatuta dago, L’Escala eta Torroella de Montgrí herrien arteko erdibidean.

Ezagutu dugun area pribaturik onenetakoa da. Neurri oneko plazak ditu, komunak dutxarekin, eta urak hustu eta betetzeko gunea, baita argindarra ere. Oso ondo hartu gintuzten eta inguruari buruzko informazio ugari eman ziguten. Montgrí Parke Naturalerako bisita egin gabe gelditu ginen, baina arratsaldea herrigunea ikusteko aprobetxatu genuen; XII eta XIII. mendeen artean eraikitako elizak gotorlekua dirudi, inguruan dituen dorre zirkularrekin.


Pals

Bidai honetako onena azken txanparako utzi genuen. Izan ere, ezagutzeko gogo gehien genituen herrietako hiru postrerako gorde genituen: Pals, Peratallada eta Monells. Hirurak ere erdi aroko herri ederrak dira, eta Gironako hiriburutik kilometro gutxira daude. Ez dira oso handiak, eta posible da hirurak egun berean bisitatzea.

Pals gune historiko monumentala da. Parking handi bat du sarreran, eta handik oinez sartzen da herrigunera. Palseko gazteluaren lehen aipu historikoak 889. urtekoa da; XI eta XIII. mendeen arteko dorre erromanikoa ere badu, Torre de las Horas izenez ezagutzen dena.

Herriaren harresia, San Pere eliza, eta orokorrean herri osoa ezagutzea merezi du.


Peratallada

Palsetik oso gertu, ipuin batetik ateratakoa dirudien beste herri bat dago: Peratallada. Bere gaztelua X eta XI. mendeen artean eraikitakoa dela uste da, baina hare zaharragoa izan daiteke, 1065eko testu batean ere aipatzen baitzen lehendik gaztelu bat bazela. Oraindik dorre nagusia eta harresien zati bat kontserbatzen dira. Sant Esteve eliza, XIII. mendekoa, eta Peratallada palazioa, XIV.ekoa dira beste eraikin historiko batzuk.

Baina Palsen gertatzen den bezala, Peratalladan ere, herri osoa da museo bizidun bat, bere kale eta etxeetako bakoitzak historiaren joanari eta garai hartako esentziari eusten baitio.


Monells

Gure ibilbidea prestatzerako garaian, atentzioa eman zigun Monells izeneko herri txiki batek. Gaur egun oso ezaguna egin da Ocho rapellidos catalanes filmeko eskenatokietako bat zelako. Herria gazteluaren inguruan sortu zen, X. mendean. Gaur egun ordea, harresien zati bat baino ez dago zutik. Baina gure ustez interesgarriena, herriko plaza eta haren inguruko etxeak dira.

Herri sarreran parking handi bat dago, Jaume I plazatik 300 bat metrora. Harrizko etxez osatua dago eta denek estilo bereko arkuak dituzte.  Arku eta arkupe horiek dira, hain zuzen ere, herriari horren izaera berezia ematen diotenak. Erdi aroan, inguruetan sona handia zuen azoka egiten zen plaza horretan.


Eta horrela bukatu da Gironako herririk ederrenetako batzuetan barrena egin dugun bidea. Bueltakoan Vic herrian gelditu ginen, eta bertako AC gunean pasa genuen gaua. Pirinioetako autobidetik itzuli ginen, eta bide oso lasai eta arazorik gabe egin genuen, harik eta Nafarroara itzuli ginen arte. A15 errepidea itxita zegoen, eta N1a ere itxi egin zuten Etzegaraten, kamioi batek artaziarena egin eta gero. Etxetik 20 minutu eskasera geunden, baina bertan pasatu behar izan genuen gaua. Azkenean abentura bat gehiago besterik ez zen izan. Eskerrak ohea eta berogailua genituen! Furgonetan bidaiatzearen alde onak!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s